2011-01-07

IX. Klarinete Maratoiaren Kronika

Klarinete Maratoia Zumaian ZUMBek Udal Musika Patronatuaren laguntzarekin antolatzen duen hezkuntza-egitasmo orijinal bat da. 2002an sortua, klarinetearen zabalkundea eta irakaskuntza ditu helburu nagusi, eta bederatzi edizioetan zehar egindako bideak erakutsi du oinarri sendoak dituen egitasmoa dela. Carlos Casadò musikari eta irakasle bikainari esker, edizioz edizio klarinetearen goi mailako irakaskuntzaz gozatu ahal izan dute Klarinete Maratoira hurbildu diren ikaslek. Aurten 70etik gora izan dira parte hartu dutenak lau eguneko musika-ikastaroan, pasa berri den abenduan (9tik 12ra). Batzuk irakasle eta profesionalak, asko ikasleak, gehienak Musika Eskoletakoak, heldu batzuk ere bai… ikasleen jatorriak askotarikoak izatea da Klarinete Maratoiaren arrakastaren sekretuetako bat. Bertan Zumaiako zein Gipuzkoako edota Euskal Herriko klarinete-ikasleek hartzen dute parte.
Baiezta liteke Euskal Herrian musikari profesional eta amateurrak biltzen dituen musika-ikastaro sendoenetakoa eta bakarrenetakoa dela. Bereizgarririk nabarmenenak kalitatea eta etengabeko berrikuntza dira. Kalitatea, Maratoiko irakasle Carlos Casadóren eskutik datorkiona (Orquesta Nacional de España-ko kidea). Izan ere, Casadók klarinetearen munduan hasi berria den gaztetxoari musika profesionalaren munduan bidea egin duenari bezalako arreta jartzen dio. Eta baita ere, musikarako zaletasuna zabaltzeko orduan, Casadók artista handiekin bezalaxe jarduten duelako musikari amateurrekin. Eta etengabeko berrikuntza ere Klarinete Maratoiaren ezaugarria da: edizioz edizio, klarinete-eskolez gain, kontzertu, lehiaketa, hitzaldi, eta erakusketa berritzaileak antolatu dira, eta honen adibide, aurten izan direnak: ikasle emanaldia, Elkartasun Kontzertua, Buffet Grampon (Paris) etxearen hitzaldia eta erakusketa, Lutheria ikastaroa, Cos-Art Metodoa, Clarinet + String kontzertu bikaina (Cum Laude Laukotearekin eta klarinetearekin, Carlos Casadó, Mikel Emezabal eta Marixi Sesma), Performance Lehiaketa, Kafe Musikala,…
Laburbiltze aldera, beraz, Klarinete Maratoiak kalitatezko musika-hezkuntzaren hatsarre ugari uztartzen ditu: kalitatezko irakaskuntza, maila handiko musikari eta irakaslearen konpromisoa, jatorri eta maila ezberdineko musikarien arteko harremana bultzatzea, jende aurrean musika egiten trebatzea, ikasleek lorpenak jendaurrean erakustea… eta den-dena, klarinetearen bueltan.
Jatorria eta tradizioak atzean utzi gabe, ZUMBek musika bandek gaur egungo gizartean bete beharreko lekuak eta rolak birdefinitu ditu eta prozesu horren ondorioetako bat da Klarinete Maratoia. Herriz herri Musika Eskolek musikaren irakaskuntza sendotzeko daukaten zeregina osatuz, Musika Bandek ardura hartu beharra daukate herrietan musikarako zaletasuna sendotzeko eta Klarinete Maratoia bezalako hezkuntza-egitasmo original eta osagarriak sortzeko. Dudarik gabe, Klarinete Maratoiaren antolaketak Zumaiako Udal Musika Bandak tradizioz Zumaiako herrigintzan zeukan lekua aldarazi du.