2011-07-15

Zumaiako Klarinete Maratoiaren berri mundu mailako "The Clarinet" aldizkarian

Zumaiako Klarinete Maratoiaren berri munduan zehar zabaldu du "The Clarinet" aldizkari entzutetsuaren ekaineko zenbakiak. Maratoiaren koordinatzaile den Marixi Sesma ZUMBkideak idatzitako artikulu bat argitaratu dute aldizkarian, Maratoiaren nondik norakoak azaltzen dituena.

Musika Patronatuaren laguntzarekin, herriko hainbat merkatarirekin lankidetzan eta klarinete-etxe musika-denda ezagunen babespean, ikasturte honetan Maratoiak dagoeneko bederatzigarren edizioa bete du. Datorren udazkenean izango da hamargarrena, eta urteurrena ospatzeko, urteroko berrikuntzez gain, sorpresa interesgarriak izango ditugu.

Dudarik gabe, "The Clarinet" aldizkarian Klarinete Maratoiaren berri ematea albiste bikaina da zumaiako eta herritik kanpoko klarinete-maratoizale guztiontzat. Hemen duzue artikulua:

2011-07-14

GERRA ETA BAKEA, UDAKO KONTZERTUA


First Suite in Eb. (Op. 28, No.1) , Gustav Holst (1874-1934)

Banda sinfonikoentzat idatzitako obren artean, maisulantzat hartu izan Holsten Lehen Suite hau.

Lan honi esker, XX. mendearen lehen hamarkadetan, musikagile asko konturatu zen posible zela kalitatezko musika idaztea musika bandentzat. Ordura arte, Ingalaterrako musikagileen artean ohikoagoa zen musika herrikoia edo orkestrentzako obren moldaketak idaztea. Lehen Suite honen pareko beste adibide batzuk hauek izan daitezke: “English Folk Song Suitea” (1923) Ralph Vaughan-ek idatzia eta Gordon Jacob-en “William Byrd Suitea” (1923).

Hiru mugimendu dauzka Lehen Suiteak: “Chaconne”, “Intermezzo” eta “March”. Lehen mugimendua abiarazten duen gaia obra guztian zehar errepikatzen da, batzuetan estilo lirikoago batean, beste batzuetan kutsu erritmikoago batean.


Olatzagutiako Xuxurlak (José Luis Ollo in memoriam) Carlos Etxeberria (1961)

Olatzagutiako (Nafarroa) Udalak Carlos Etxeberriari enkarguz eskatutako obra da, José Luis Olloren omenezkoa. Olatzagutiako hainbat toki eta txokotan barrena egindako ibilbide musikala da Olatzagutiako Xuxurlak. Ornan hasten da paseoa eta Koskobilo dator ondoren, arin-arin kutsuan; Alduiak ezpata-dantza gogorarazten duen erritmoa dauka eta Batueko erromeria giroko lekua da. Ibilbidea Larratxotan bukatzen da. José Luis Ollok bertan zeukan bere musika akademia, eta bertan pasa zuen bere bizitzaren zati haundi bat. Zortzikoaren erritmoari jarraitzen dio Larratxotak.

Et in terra pax, Jan Van der Roost (1956)

Latinez “Et in terra pax”, “eta bakea lurrean” euskaraz, bakearen aldeko eskaria da obra hau. Esaldi hori, hain zuzen ere, hainbat aldiz kantatzen da obran zehar.

Obra honek daukan berezitasunetako bat da musikagileak ez dituela gerrari buruzko obretan ohikoak diren estilo puztu eta oldarkorrak erabiltzen. Aldiz, gerraren krudeltasunak bizitzari bide emango dion itxaropena ageri da.

Obraren momentu jakin batean Charles Hamilton Soley-ren poema bat irakurtzen da: “Ahorik gabeko milioika hildako ikusten dituzunean”. Poeta eskoziar hau lehen mundu gerran erail zuten eta poema horrek gerraren krudeltasuna eta zentzurik eza kontatzen du. Hona hemen:

Ahorik gabeko milioika hildako ikusten dituzunean

zure ametsak zeharkatzen batailoi zurbiletan

Ez esan kontu atseginik beste gizon batzuek bezala,

gero gogoratuko zarenik. Ez daukazu horren beharrik.

Ez eskaini laudorio hitzik. Izan ere, gorrak izanda, nola

jakin lezakete ez direla biraoak irekitako buruetan pilatzen direnak?

Malkorik ere ez. Beren begi itsuek ez dituzte zure malkoak ikusten.

Ezta ohorerik ere. Erraza da hilda egotea.

Hauxe bakarrik esan: “Hilda daude”. Eta gehitu, jarraian:

“Baina lehendik beste hobeago bat hil zen”.

Ondoren, jendetza hari begiratuta, maitatzera iritsi zinen

norbaiten aurpegia ezagutu behar zenuke,

mamu bat da. Inork ez dauka zuk ezagutu zenuen aurpegia.

Heriotza handiak dena bere egin du betirako.

Emperor, Thierry Deleruyelle (1983)

1804 eta 1815 urteen artean Frantziako enperadore izan zen Napoleon Bonaparteren bizitzan oinarritzen da “Emperor” obra. Lehen mugimenduan (“Napoleon, Arrano Inperiala”) Napoleonen bizitzako bi kontrako alderdi agertzen dira: batetik, bere izaera heroikoa eta distiratsua tropen aurrean, eta bestetik, bere barneko melankolia eta tristura. “Josephine” deitzen da bigarren mugimendua eta enperadorearen lehen emazte Josephine de Beauharnais-i eskainia dago. Hirugarren eta azken mugimenduak “Austerlitz-etik Waterloo-ra” izen du. Hain zuzen ere, bi guda ezagun horien artekoak kontatzen ditu. Austerlitzekoa Napoleonen garaipen handiena izan zen eta Waterlookoa, berriz, betirako galera. Musikak enperadorearen konkista espiritua islatzen du.

Hemen eskuprograma osorik: