2011-06-27

ZUMBen eta Bertso Eskolako bertsolarien emanaldia San Pedro egunean


Aurtengo San Pedro eguneko kontzertuan ZUMBek eta Bertso Eskolak emanaldi berezia antolatu dugu: Ze berri? Zarrak berri! Bertso berrixak Zumaiako herrixan!!!

ZUMBen musikarekin lagunduta, Bertso Eskolakoak bertsotan arituko dira. Haizea Aizpurua, Unai Sarasua, Jone Urbieta, Ohiana Urkidi, Maialen Velarde eta Oier Aizpurua izango dira bertsolariak.

ZUMBek emango dio hasiera kontzertuari, Betikoskorri obrarekin. Oskorriren abesti ezagunekin Iñaki Urkizuk egindako moldaketa da. Furra-furra, Gipuzkoako Martxa edo Euskal Herrian Euskaraz bezalako kanta herrikoiak biltzen ditu Urkizuren moldaketak.

Ondoren, bertsolariak arituko dira bertsotan, musika bandak lagunduta, doinu hauekin: Pello Joxepe, Ikusi nuenean, Erreguetan, Basatxoritxu, Markesaren alaba eta Haurtxo txikia, besteak beste.

Beheko Plazan izango da emanaldia, eguerdiko ordu batean hasita. Euskal musika herrikoia gustuko dugunok, eta nola ez, bertsozaleok, badugu hitzordua festetan!