2009-12-10

VIII. Klarinete Maratoia. Elkarrizketak (I): Marixi Sesma, Maratoiaren sortzailea

Datorren astean egitekoa den VIII. Klarinete Maratoiaren aitzakian, 3 elkarrizketa labur-labur egin ditugu Maratoiko hiru pertsonaia esanguratsurekin: Marixi Sesma (sortzailea), Carlos Casadò (irakaslea) eta Caroline Collier (Camerata Cambrensis-eko zuzendaria). Jarraian, Marixi Sesmak kontatu diguna.

- Laburbilduko zenituzke Maratoiaren 8 urte hauek? Zein bide egin du? Norantz doala ikusten duzu?
Zortzi urte hauetan zenbat eta zenbat ekitaldi ezberdin egin diren ikusita, baldin eta antolatzaileek indarra eta babesa badaukate, auskalo Klarinete Maratoia noraino iritsiko den.
Klarinetearen aitzakian egin diren hainbat "esperimentu positiboren" plaza izan da Maratoia, eta erakutsi du musika-hezkuntzak oraindik eta praktikoagoa izan behar duela: alde batetik, batek ez dauka zertan bere instrumentua jotzera bakarrik mugatu musikaren ikaskuntzan, eta beste alde batetik, amateurren eta profesionalen arteko zubiak ugaritu egin behar dira.
Klarinete Maratoiak erakutsi duen bestea da Musika Bandek “ziklo aldaketa” bizi dutela gaur egun: garai batean Musika Bandak irudikatzen eta ordezkatzen zuen munduaren eta gizartean zeukan lekuaren (errepertorioa, prozesioak, kontzertu klasikoak...) arrastorik ez dago gaur -noski, formula hark gaur ez du balio- eta ondorioz, Musika Bandak eguneratu egin behar du, gizartean bere lekua errekuperatzeko eta pertsonen garapena ahalbidetzeko.
Musika Bandak musika egiteko foro edo gune izaten jarraitzen du, noski, baina Klarinete Maratoia bezalako proiektu gehiago sortu behar ditu, horrelakoetan, musika egiteaz gain, bestelako aspektu asko garatzen direlako: Maratoiaren bueltan 30 lagunetik gora dabil lanean musu-truk, profesionalen pare edo hobeto, zergatik eta hezkuntza-egitasmo batean sinesten dutelako. Hobe luke hartarako dagoen zenbait jendek eredutzat hartuko balitu Maratoia bezalakoak.

- Nola dator aurtengo Maratoia, ikasleei eta egitarauari dagokionez?
Labur erantzun behar banizuke: aurtengoa historikoa da!
Beste edizioetako ikasle askok errepikatu egingo dute, Maratoian pozik dabiltzan seinale. Badira batzuk aurten ezin dutenak etorri, eta dagoeneko emailez eskatu digute datorren urterako beraiekin kontatzeko.
Aurtengo egitaraua? Ikusgarria benetan! Mundu mailan punta-puntakoa den Buffet klarinete-etxeko komertzialak erakusketa ekarriko digu, Alexander Teknika lantzeko hainbat saio egongo da, instrumentuak konpontzeko oinarrizko trebetasunak irakatsiko dizkigu Ervitiko etxeko luthierrak, argazki lehiaketa egingo da Romatet argazki-dendaren laguntzarekin, Txingurri Loradendak eta Algorri Tabernak ere parte hartuko dute… begira zenbat gauza!
Eta urtero bezala, Carlos Casadò, Champions League-n jarduteko modukoa musikari eta irakaslea!
Kontzertuak direla eta, Kafe Musikala (18an, gauean) dagoeneko klasiko bat bihurtu zaigu: ZUMBeko kideak formatu txikitan entzuteko aukera paregabea da. ZUMBen kontzertuan (19an, arratsean) herriko musikariak bakarlari modura jardungo dira, pentsa! Eta 20 arratsaldeko kontzertua, Camerata Cambrensis-ekin, zoragarria da. Oso gutxitan programatzen den egitarau entzungarri eta atsegina. Benetan entzutea merezi duen emanaldi horietako bat.